2011n jarri zuten martxan

  • Funtzionamendu etengabean denbora gehien daraman olatuen energia-planta da, elektrizitate gehien produzitu duena eta funtzionamendu-ordu gehien metatzen dituena. Itsas energien erreferentzia dugu mundu osoan.
  • Banaketa-sare orokorrera bideratzen da zuzenean produkzio berriztagarri osoa eta gutxi gorabehera ehun familiaren premiak hornitu ditzake urtebetean.
  • Kate-maila garrantzitsua da halaber Mutriku turbina eta kontrol-sistema berrien ikerketan, horixe delarik itsas zabaleko dispositibo flotatzaileak probatzearen aurreko pausoa, hau da, I+Gko kostuak doitzea ahalbidetzen duen probarena.

Mutrikuko olatu-energiaren plantak produkzio-errekor berri bat ezarri du 2.000.000 kWh-ko metatua lortzearekin batera, orain arte inoiz lortu gabeko sorkuntza, elektrizitatea lortzeko olatuetan bildutako energia aprobetxatzen duen instalazio batean.

2011n inauguratua, elektrizitatea etengabe sortzen du instalazio komertzial honek olatuen mugimendua aprobetxatuz, eta energia hori osorik bideratzen zaio sareari, energia kantitate hori ehun familiaren urteko kontsumoaren baliokide izanik. Hori horrela, munduko olatuen energia-planta zaharrena dugu, energia gehien sortu eta sareari energia gehien saldu diona, eta funtzionamendu- eta erabilgarritasun-ordu gehien metatzen dituena. Aurretik lortutakoei gehitzen zaio mugarri berri hori, 2016. urtean, martxan jarri izanaren bosgarren urteurrenarekin kointzidituz, horrelako instalazio batek munduan sortutako lehenengo Gigawatta lortu baitzuen Mutrikuk.

Itsas produkzio hori apala da jada helduak diren sorkuntza elektrikoko beste teknologia batzuekin (hala nola eolikoa, edo ziklo konbinatuak) alderatuta, baina orain arte hori ez zuen beste ezein olatuen bidezko sorkuntza-plantak lortu.

Mutrikuko porturako sarbidea babesten duen dikean kokatuta dago planta, instalazioari izena ematen dion euskal kostaldeko herrian. Euskadin fabrikatutako OWC (Ur Oszilatzaileko Zutabea ingelesezko siglen arabera) teknologiako 16 unitate biltzen dituen turbina-ganbera batek osatzen du, 296 kW-ko instalatutako potentzia totalarekin. 2,3 milioi euroko inbertsioa behar izan zen martxan jartzeko.

Entsegu-zentroa

2019az geroztik BiMEPen (Biscay Marine Energy Platform) integratuta dago Mutrikuko planta, Armintzako kostaren parean dispositibo flotatzaileak –buiak zein sistema eolikoak– probatzeko itsas instalazioak ere badituen Euskadiko itsas energien entsegu-zentroan, alegia.

Horrela, plantaren funtzio nagusietako bat –energia-produkzioarekin berarekin batera– turbinen eta kontrol-sistemen arloan teknologia berriekin entseguak egitea da. Garapen- eta hobekuntza-fasean daude itsas teknologiak gehiago produzitzen duten sistema eraginkorragoak lortzeko, modu efizientean eta kostu gutxiagorekin. Horregatik, nazioarteko bi turbina-modelo berriren entseguak hartu ditu orain arte Mutrikuk haien errendimendua aztertzeko itsas zabalean probatu aurreko pauso gisa, BiMEPek Armintzan dituen instalazioetan, hain zuzen ere. Horren bidez, balio handiko datuak lortu dira diseinua hobetzeko, eta ikerketaren kostuak gutxitu egin dira, kostaldetik hurbil dauden instalazioak direnez.

Bisitak plantara

Mutrikuko kudeaketaren puntu garrantzitsuetako bat itsasoaren energiaren erabilgarritasuna eta etorkizuneko aukerak ezagutarazteko agerikotasuna da. Mutrikuko Udalarekin ezarritako lankidetzari esker, turbina-aretoaren barrualdea bisitatu daiteke Mutrikuko kai-muturrean, tokiko turismo-bulegoarekin adostutako bisiten bidez, udalerriko interes tekniko eta turistikoko puntuen arteko bat baita. 7.500 lagunek baino gehiagok bisitatu dute jada urtetik urtera bisita-talde gehiago –turistek zein ikasleek osatutakoak– hartzen dituen instalazioa.