• Beste mugarri bat gainditu du energia undimotriza sortzeko sektorean.
  • Mutrikuko planta dugu elektrizitatea sortzeko olatuen energia erabiltzen duen Europako lehenengo planta komertziala, munduko urtetsuena eta funtzionamendu-ordu gehien metatu dituena.
  • 12 urte eta erdi bete ditu etengabe energia garbia sortzen, eta urtean gutxi gorabehera 300.000 kWh produzitzen ditu.

Mutrikuko olatu-plantak –energia undimotrizaren sektoreari lotuta munduan izan den lehenengo proiektu komertzialak– beste mugarri bat gainditu du olatuen energiaren esparruan orduko hiru miloi kilowatteko produkzio elektriko metatura iristean.

Mutrikuko planta dugu elektrizitatea sortzeko olatuen energia erabiltzen duen Europako lehenengo planta komertziala, munduko urtetsuena eta funtzionamendu-ordu gehien metatu dituena. 2011n martxan jarri zenetik, 12 urte eta erdi bete ditu Mutrikuko olatuen energia-plantak etengabe energia garbia sortzen. Hainbat garapen-etapa gainditu ditu eta gaur egun arte itsas energiako instalazio berriztagarri batek lortutako produkzio-errekorrak gainditu ditu. Urtean gutxi gorabehera 300.000 kWh produzitzen ditu.

Energia-bihurketarako erabilitako teknologia Ur Zutabe Oszilatzailea da (OWC – Oscillating Water Column). Energia elektrikoa produzitzeko olatuen mugimendua aprobetxatzen duten portuko morruan kokatutako 16 turbina ditu plantak, eta energia hori osorik injektatzen zaio banaketako sare orokorrari kontsumitua izan dadin. BiMEP (Biscay Marine Energy Platform) zentroarena da instalazio hori, hau da, Euskadiko itsas energien saiakuntza-zentroarena, eta zentroak kudeatzen ditu halaber Armintzako itsas zabaleko instalazioak sorkuntza elektrikoko gailu flotatzaileak ikertzeko.

Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak eta Energiaren Euskal Erakundeak batera eramandako ekimenari esker atera zen aurrera Mutrikuko proiektua, teknologia undimotriza fase komertzialera hurbiltzeko erronkari ekin baitzioten, I+G izateari utzi gabe denboran modu jarraituan elektrizitatea sortzea azpimarratzen zuen proiektu baten bidez.

Gainera, Mutriku kate-begi garrantzitsu bat da OWC teknologiaren ikerketa-katean, eta ikerketa horren ondoriozko hobekuntza teknologikoak turbina berrietan aplikatu ahalko dira ondoren itsas zabalean erabiltzeko, olatuek energia-potentzial handiagoa duten ingurunean.

 

Euskadi, munduko erreferentzia olatuen energia-produkzioan

Mutrikuko olatuen planta funtsezko oinarria izan da Euskadi energia undimotrizaren alorrean mundu osorako erreferentzia bihurtzeko. Nazioarteko errekonozimendu horrek ICO International Conference on Ocean Energy biltzarra Euskadin bi aldiz antolatzea ahalbidetu du, hau da, energia ozeanikoen alorrean mundu osoan dagoen ekitaldi nagusia, eta horrekin batera, EWTEC European Wave and Tidal Energy Conference biltzarra ere bai, alor horretako konferentzia akademiko nagusia, Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoak antolatuta. Gainera, Europako, Estatuko eta Euskadiko I+Gko 20 proiektu baino gehiago garatu dira, euskal enpresen parte-hartzearekin, eta teknologiaren garapenean aurrera egitearekin batera sakondu egin da hainbat alderdi sozioekonomikori edo teknologia horiek eragin ahalko lituzketen ingurumenaren gaineko presioei buruzko ezagutzan. Era berean, Olatuen Energia Foroa jarri da martxan Energiaren Klusterraren barruan, eta bertan energiaren esparruko enpresen talde batek elkarlanean dihardu bere gaitasunak olatuen energiaren alorrean garatzeko.

2024. urte honetan, BiMEPek lanean jarraituko du teknologia undimotrizen garapena lortzeko, Mutrikuko olatuen energia-plantan erabiltzen den hobekuntza espezifikoa bilatzen duen TURBOWAVE proiektuaren bidez zein 2025. urtearen erdi-aldera BiMEPera bi prototipo berri ekarriko dituen EUROPEWAVE proiektuaren bidez. OLAGARRO proiektuak ere aurrera egingo du, BiMEPen nazioarteko posizioa indartzeko, IDAEk kudeatutako RENMARINAS DEMOS laguntza-programaren barruan, eta Europar Batasunak (NextGenerationEU) finantzatutako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren zati batek ere bai.

Energiaren Euskal Erakundeak bazkide maioritario gisa % 75ean eta IDAE Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak % 25ean partaidetutako ekimen publikoa da BiMEP, eta kolaborazio instituzional horrek frogatzen du olatuen energia estrategikoa dela energia-balantzea hobetzeko, betiere karbono fosilen emisioetatik libre egongo den etorkizuneko energia-mix baten bila.