Bide Ingeniarien Elkargoak eman dio sari hori itsas energiak garatzeko egin duen ekarpena eskertzeko.

  • BiMEPek bi saiakuntza-eremu ditu: Mutrikuko olatuen energia-instalazioa eta Armintzako kostaldean dagoen itsaso zabaleko saiakuntza-eremua.
  • Bi bazkide ditu: Energiaren Euskal Erakundea (% 75) eta IDAE (% 25).

BiMEPek, itsas energien saiakuntza-zentroak, jaso du Euskadiko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak urtero ematen duen berrikuntzaren saria, I+Grako funtsezko ekimena izateagatik itsas energia berriztagarri berrietan, bai olatuen energiakoetan, bai eoliko flotatzailekoetan ere.

BiMEPeko arduradunek dagoeneko duela hamarkada bat izan zuten berrikuntzarako gaitasuna balioesten du sariak, eta Bide Ingeniarien Elkargoaren urteroko topaketaren esparruan banatu zen Bilbon. Bereziki nabarmendu da izan zuten etorkizuneko ikuspegia, detektatu ahal izan baitzuten enpresa teknologikoek itsasoan saioak egiteko zuten azpiegituren beharra, azpiegitura guztiz hornituak eta aurrez emandako baimenekin, elektrizitate berriztagarria sortzeko gailu flotatzaileekin saiakuntzak egiteko.

BiMEP martxan jarrita, itsasoan saiakuntzak egiteko azpiegitura kritikoa jarri zuten merkatuan, behar zen denborarekin, beti eskuragarri. Horrekin, gainera, eraginkortasuna eman zitzaion I+Gren garapeari, saihestu baitzen prototipo bat garatzen zuen enpresa bakoitzak milioi askoko inbertsioak egin behar izatea itsasoan bere gailuarekin saioak egin ahal izateko, baimenak eskuratzeko bete behar ziren administrazio-prozesu luze eta neketsuak saihesteaz gain. BiMEPek aurreratu egin du prozesu hori eta instalazio egokia eskaintzen du, entxufatzeko eta saioak egiteko prest.

Kontuan izan behar da prototipo bat garatzeko inbertsio handia egin behar dela kontzeptuaren edo ideiaren hasierako fasetik eraiki eta itsasoan instalatu arte. Talde zientifikoak ahalegin handia egin behar du urteetan, eta, gainera, finantzaketa bilatu behar da. BiMEP ez balego, are ahalegin handiagoak egin beharko lirateke, bai beharrezko baimenak eskuratzeko, bai lehorreko sare elektrikora konektatzeko. Denbora, lan eta diru gehiago inbertitu beharko litzateke itsaspeko linea elektrikoen diseinuan eta eraikuntzan, lehorreko azpiestazioan eta abar. BiMEPek azpiegitura horiek guztiak jartzen ditu enpresa teknologikoen eskura, eta, horri esker, denbora aurrezten da, inbertsioak arrazionalizatzen dira eta mundu osoko talentua erakartzen du.