Bilboko Portuan egiten ari diren obrak bisitatu ditu Industria sailburuordeak

  • Hormigoizko plataforma aitzindaria da DemoSATH, SAITEC ingeniaritzak egina, eta goitik behera alda dezake itsas energia eolikoko sistema flotatzaileen aurrerapena.
  • Aurreikuspenen arabera, obrak 2022ko udaberrira arte luzatuko dira, eta urte bereko udan jarriko da plataforma BiMEPen instalazioetan.
  • Oso-osorik Euskadin garatutako teknologia da, eta sare elektrikora konektatutako energia eoliko flotatzailearen lehen esperientzia.

Bilboko portuan lehengai gisa hormigoia erabiliz eraikitzen ari diren plataforma aitzindaria da mundu osoan, elektrizitatea sortzeko itsas aero-sorgailuak sostengatzeko. BiMEPek Armintzako kostaldean dituen entsegu-instalazioetan probatuko da % 100 euskal teknologiakoa den sistema flotatzaile hori, duen balioa probatzeko eta itsasoaren energia-aprobetxamenduan aurrera egiteko, baliabide hori funtsezkoa baita Euskadiko energia-trantsiziorako.

Bilboko Portuan egiten ari diren plataforma flotatzaile handia eraikitzeko lanak ikusten izan dira Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuorde Javier Zarraonandia, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansola eta Saitec taldeko zuzendari nagusi Javier Urgoiti. Sailburuordeak balioa eman dio euskal energia-sektorearen I+G arloari, “hornidura berriztagarria hobetzeko soluzio tekniko berriak ematen dituelako, eta, aldi berean, industria-sektore lehiakorra eta mundu osora esportatzeko modukoa garatzen duelako”. Bestalde, Javier Urgoitik adierazi duenez, “DemoSATH proiektua erakusten ari da itsas energia eoliko flotatzaileak baduela tokiko industria bultzatzeko gaitasuna, kontratazioaren % 70 baino gehiago Bizkaian egingo baita”.

DemoSATH izeneko gailua joan den udan aurkeztu zen Armintzan, eta oso-osorik SAITEC euskal ingeniaritzak garatutako teknologia du. RWE elektrizitate-enpresak ere parte hartu du proiektuan eta Ferrovial enpresa ari da fabrikatzen portuko instalazioetan bertan. Lanak 2022ko udaberrian bukatuko direla kalkulatu da, eta, ur gainean jarri ondoren, aero-sorgailu flotatzailea atoian eraman eta BiMEPen instalazioetan ainguratuko da Armintzan.

Gailu horren helburua da, BiMEPen entsegu-instalazioetan ainguratuta, itsas baldintza errealetan bi urtez probatzea zenbateko errendimendua, gaitasuna eta erresistentzia dituen. Baldintza operatibo errealetan gailu eoliko flotatzaile bat probatuko den lehen esperientzia izango da Estatuko uretan, eta, emaitzak ikusitakoan, beste parke eoliko batzuen eskura jarri ahal izango da teknologia hori ur sakonetan.

Itsas energia eolikorako euskal teknologia

Gailu horren teknologia Saitec Offshore Technologies enpresak garatu du oso-osorik, SAITEC ingeniaritzaren spin-offa, Leioan (Bizkaia) dagoena. Tamaina handiko prototipoa da, eskala errealekoa, eta hormigoizko zimendu flotatzailea du, 30 metroko zabalera eta 67 metroko luzera dituena. Haren gainean 2 MW-eko potentzia duen aero-sorgailua jarriko da. Aero-sorgailu horren ardatza 70 metro igoko da itsasoaren gainetik.

Hormigoiak abantaila handiak eskaintzen ditu itsasoko gailu flotatzaileentzat beste material batzuen aldean, hala nola, kostuaren lehiakortasun handia, tokiko enpleguaren sorreran eragin handiagoa, mantentze-lan txikiagoa, karbono-aztarna txikia edo prezio-fluktuazio txikiagoa, altzairuarekin alderatuta, esate baterako.

Hain zuzen ere, Kantauri itsasoak, munduko itsaso eta ozeano gehienek bezala, plataforma kontinental txikia du, eta, horren ondorioz, urek sakonera handiak dituzte itsasertzetik metro gutxira.

Horrek arriskuan jartzen du itsas eolikoa oinarri finkoan instalatzea, Europako iparraldean egiten den bezala. Horrenbestez, ezinbestekoa da teknologia flotatzaileak garatzea energia-hornidura globala eraginkortasunez deskarbonizatzen lagunduko duten energia-aprobetxamendu berriztagarrietan aurrera egiteko. Mundu osoko enpresa teknologiko ugari ari dira erronka horretan lanean, eta Euskadin duen garapenagatik euskal I+G punta-puntan dago alor horretan.

Saitec Offshore, ingeniaritza

Saitec S.A.ren spin-off bat da Saitec Offshore Technologies. 2016an sortu zen SATH teknologia eta harekin lotutako itsas eolikoko ingeniaritza-zerbitzuak merkaturatzeko. Saitec enpresako langileekin sortu zen jatorrian. Saitec Offshore Technologies hazi egin da eta ezagutza handia du offshore ingeniaritzan, bere enpresa amak energiaren arloan aurrez duen esperientziarekin batera. Saitec ingeniaritza-enpresa da, 30 urtetik gorako esperientzia du eta presentzia mundu osoan, 300 lagun baino gehiago baititu 4 kontinente desberdinetan. Bere jarduera nagusia proiektuak garatzearekin lotuta dago, honako alor hauetan: errepideak, trenbideak, ura, ingurumena, industria eta energia, eta arkitektura eta hirigintza. Ingeniaritzaren balio-kate osora zabaltzen da SAITECen jarduera-eremua (plangintza, diseinua, eraikuntza eta ustiapena), eta sozietate pribatuei nahiz publikoei ematen dizkie zerbitzuak.

BIMEP, entsegu-azpiegitura

Biscay Marine Energy Platform –BiMEP itsas energien entsegu-azpiegitura da. Armintzan dago eta 2005ean jarri zen martxan. Entsegu-eremu bat du Armintzako portutik 1,5 miliara itsas zirkulaziorako mugatua, eta bertan energia elektrikoa sortzeko gailu flotatzaileak ainguratu daitezke probak egiteko. Beharrezko baimen guztiak ditu, bai itsas eolikorako, bai olatuen energia-gailuetarako, eta itsaspeko lau kable ditu lehorrera konektatuak, ekoitzitako elektrizitatea garraiatzeko nahiz probatzen ari diren sistemen segimendua egiteko erabiliko diren datuak helarazteko.