Finlandiako Wello enpresaren Penguin gailuak BiMEPen egingo ditu saiakuntzak bi urtez

  • Gailu flotatzaile bat da, mota horretako bakarra, eta txikiagoak Europa iparraldeko uretan probatu dituzte.
  • Euskadi itsas energia aprobetxatzeko teknologia-saiakuntzak egiteko erakargarritasun-poloa da.

Euskadira iritsi da gailu flotatzaile berri bat, olatuen energia-kaptadore bat, BiMEPek Armintzan dituen instalazioetan saiakuntzak egiteko, bi urtez. Wello teknologia-enpresak Euskadiko itsas energien saiakuntza-zentroa aukeratu du, bere teknologiaren balioa neurtzeko, merkaturatze-fasean sartu aurreko urrats gisa.

Wello enpresa finlandiarraren gailua bisitatu dute gaur goizean, Industria sailburuorde eta Bimepeko presidente den Javier Zarraonandiak, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak eta IDAEko Energia Berriztagarrien eta Merkatu Elektrikoaren zuzendari Víctor Marcos Morellek. Behin-behinean, Bilboko Portuan atrakatuta dago gailua. Industria sailburuordeak nabarmendu du “Euskadik duen gaitasuna ikerketarako punta-puntako espazioak eskaintzeko, Europan lehiakorrak direnak, eta lehen mailako teknologoak erakartzeko”, saiakuntzak eta ikerketak gure azpiegituretan egin daitezen. Ildo horretan, adierazi du “ezagutza-fluxu horrek teknologia- eta industria-garapenerako aukera berriak dakartzala, epe labur eta ertainera”.

Itsasontzi forma duen Penguin gailua duela aste batzuk iritsi zen Euskadira, eta, zenbait mantentze-lan egin ondoren, Armintzako uretan jarriko dute uda honetan, BiMEPen itsaso zabaleko saiakuntza-eremuan, bi urtez azterketak egiteko.

Penguin eskala handiko sistema flotatzailea da, itsasontzi itxurakoa, eta moldatuta dago, forma asimetrikoa baitu (desberdina da brankan, popan, ababorrean eta istriborrean), ahalik eta gehien aprobetxatu ahal izateko olatuen mugimendua. Barnealdean, gailu biragarri bat aktibatzen da itsasoaren etengabeko mugimenduari esker, eta, sorgailu batera konektatuta, energia sortzen du. Gailuaren potentzia maximoa 1 MW da, eta sortutako energia, saiakuntza bat izanda ere, milioi bat kWh-ra ere irits liteke. BiMEPek dituen urpeko azpiegiturei esker, energia hori lehorrera garraiatuko da kable bidez, eta banaketa orokorreko sarera igorriko da, gero. Penguinen ezaugarri esanguratsuena da ez daukala transmisio hidraulikorik, artikulaziorik edo engranajerik barruan, eta horrek bihurtzen du aparteko genero horretan.

Wello enpresa finlandiarrarena da teknologia, zeinak lehen saiakuntzak Eskoziako uretan egin zituen eskala txikiagoko gailu batekin; horren emaitza onak ikusita, gaur egungo gailua sortu du, eskala handian, eta euskal uretan probatuko dute. Helburua da BiMEPek eskaintzen dituen itsas baldintzetan probatzea gailuaren energia-ekoizpena, bai eta kontrol-sistemaren funtzionamendua ere. Proiektuan parte hartzen du, halaber, Saipem enpresa italiarrak, zeinaren asmoa den ingeniaritza eta itsasoko jardueren alorrean behar den esperientzia eskuratzea, gerora, Penguin bihurgailuak mundu osoan inplementatzeko.

Olatuen energia

Azken urteetan olatuen mugimendua erabilita energia sortzeko gai diren gailu flotatzaileen alorrean izan diren aurrerapen teknologikoen berri eman da bisitan. Berriztagarrien barruan oraindik ere garatzen ari den sektorea bada ere, aukera handia du ondorengo urteetan hazteko. Horretan laguntzen dute saiakuntza-zentroek, esate baterako, BiMEPek, enpresa teknologikoei espazio bat eskaintzen baitiete, itsaso zabalean baina behar diren baimen eta zerbitzu-teknikoekin, itsasoan energia berriztagarria sortzeko teknologia flotatzaileen bideragarritasuna aztertzeko lanak egiteko, izan olatuen energia nahiz energia eolikoa sortzeko, flotatzaileen bidez.

Iturri berriztagarrien bidezko energia-hornidurarako, olatuen energia ekarpen gehigarri garrantzitsua izan daiteke. Gainera, bateragarria da itsas parke eolikoekin. Kostatik urrun dauden gailu flotatzaileak dira; hain zuzen, aprobetxa daitekeen energia gehiago dute olatuek hor. Energia hori ezinbestekoa da ekonomiaren deskarbonizazio-helburuak lortzen laguntzeko eta Energia Trantsiziorako. Era berean, sektore berria da energia berrikuntzaren esparruan, eta industria-aukerak sortzen lagundu dezake, lehenago energia eolikoak egin zuen bezalaxe, ezagutza, proiektu berriak eta enplegua sortzeko iturri izan baitzen.