Biscay Marine Energy Platform -BiMEP- Euskadiko itsas energien saiakuntza-zentroak akordio bat sinatu du olatuen energia garatzen liderra den Carnegie Technologies enpresa australiarrarekin, 6 MWko potentziako frogapen-proiektu batean aurrera egiteko, gailu hori euskal saiakuntza-eremuan instalatuta, Armintzako kostaldearen aurrean.

Carnegie Technologies enpresa Bizkaian dago, eta munduko enpresa liderretako bat da olatuen energia-teknologiaren garapenean. Akordio berri hori sinatzean lehen urratsa egin da itsasoko energia berriztagarria sortzeko teknologia horren fase komertzialean aurrera egiteko. Etorkizunean, hori frogatzeko proiektua egin beharko litzateke, hainbat CETO gailu elkarrekin lanean jarrita itsaso zabaleko olatuen energia-instalazio gisa.

Azken teknologiako gailu horiek buia handi bat dute urpean. Itsas hondoan ainguratuta, olatuen joan-etorrian mugitzen da eta energia berriztagarria sortzen du, ingurumen-inpaktu txikiarekin. Proiektuaren fase hori ere BiMEPen ezarriko litzateke, eta, beraz, itsaso zabalean maila horretako proiektua duen lehen saiakuntza-zentroa izango da munduan.

Lehen urratsak BiMEPen

Adierazi behar da, Carnegie enpresak aldez aurretik CETO prototipo bat instalatuko duela BiMEPen datozen hilabeteetan, bi urteko iraupena izango duen saiakuntza bat egiteko.

EUROPEWAVE Europako ikerketa- eta garapen-ekimenaren barruan dago proiektuaren lehen maila hori. Ekimen horretan Energiaren Euskal Erakundeak parte hartu du, eta itsasoko olatuak aprobetxatuz jatorri berriztagarriko elektrizitatea ekoizteko teknologia baliagarriak garatzea du helburu.

BiMEP, Euskadiko itsas energien saiakuntza-zentroa ekimen publikokoa da, eta hartan % 75eko partaidetza du Energiaren Euskal Erakundeak (bazkide nagusia) eta % 25eko partaidetza, berriz, Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE). Erakundeen arteko lankidetza estrategikoa da energia-balantzea hobetzeko, energia fosilik gabeko etorkizuneko mix energetiko baten bila.

2015etik martxan, BiMEP itsas energien kaptadoreen prototipoen saiakuntzak egiteko azpiegitura da eta itsaso zabaleko ekipamendu osagarria, Armintzako kostaldearen parean kokatua, Bizkaian.