Albisteak

Arrecife euskal enpresak olatuen energiaren dispositiboa instalatu du BiMEPen

Entseguak egingo ditu gutxi gorabehera hilabete batez

Armintzan dagoen BiMEP itsas energien entsegu-zentroak gaurtik aurrera dispositibo flotatzaile berria dauka, eta itsasoko olatuak aprobetxatuz energia elektrikoa sortzeko entseguak egingo ditu. Kaptadorea Arrecife Energy Systems euskal enpresak garatu du diseinu propio bat oinarritzat hartuz.

Teknologiaren operatibotasuna eta bideragarritasuna entseatzeko BiMEPen ainguratzen duen bigarren sistema da. Itsasoaren energia, oraindik ere, iturri hori modu efizientean eta kostu lehiakorrekin aprobetxatzea ahalbidetzen duen teknologiarik onena bilatu eta garatzeko prozesuan dago. Horretarako, itsaso zabaleko ikerketa ezinbestekoa da, eta horregatik Armintzako instalazioek ahalbidetzen dute dispositiboen harrera eta ainguraketa egitea, horiek itsaspeko kableen bitartez lurrera konektatzea eta baldintza errealetan operatzea, behatzeko eta datuak biltzeko aukerarekin, hobekuntza teknologikoak sartu ahal izateko xedez.

Egungo dispositiboa 1/3 eskalan eraiki da, Derion kokatuta dagoen Tacomi enpresaren instalazioetan; Tacomik bazkide gisa parte hartzen du Arrecife proiektuan. Makina honek 13 metroko luzera eta 3,5 metroko zabalera du, eta 9 tonako pisua du. Amarratzeko, 25 tonako ainguraketa erabiliko da.

Arrecife 2016. urtean sortu zen, Bilboko Ingeniarien Eskolako hidrodinamikako katedradun baten jatorrizko ideia batean oinarrituz patentatutako diseinu berri bat garatzeko helburuarekin. Sistema hau olatuak lehertzen diren arrezife baten portaeran oinarritzen da, energia hori aprobetxatzen du errulo-itxura duten errotore batzuk birarazteko, eta errotoreek, era berean, elektrizitate-sorgailuak mugitzen dituzte.

Logotipo Bimep, EVE  e IDAE