Biscay Marine Energy Platform-ek (BIMEP) kontratu bat sinatu berri du Wave Swell Energy olatuen energia-kaptadoreen garapen teknologikorako enpresarekin, diseinu berriko turbinaren saiakuntza egiteko Mutrikuko olatuen energia-instalazioan.
Wave Swell Energy Limited (WSE) olatuen energia bihurtzeko teknologia patentatua garatzen duen australiar empresa bat da. Euskadiko itsas energien saiakuntza-ekosistemaren alde egiten duen apustuak Europa osoko merkataritza-proiektuetan bere teknologiaren hedapena bizkortzea du helburu. Ur Zutabe Oszilatzailearen (OWC, ingelesezko sigletan) teknologiako gailu bat da, gaur egun Mutrikun erabiltzen direnen antzekoa, baina prestazio berriak eskaintzen dituena. Sistema horrek hainbat proba- eta entsegu-fase pasatuko ditu, Mutrikun azken hedapena izan arte. Hala, hainbat urtez egon zen konektatuta Australian, eta eskala handiko prototipoekin probak egin zituzten Oregongo Estatuko Unibertsitatean, eta han erakutsi zuten errendimendua mantendu egiten dela teknologia olatu-horma batean integratzen denean.
Garapen-fase horretan, Mutrikuko instalazioak aukera ematen du laborategian saiakuntzak egin diren kondizioak itsas ingurune erreal batean bateratzeko, eta bideragarritasun-, funtzionamendu- eta errendimendu-azterketak egiteko behar diren baliabide guztiekin.
Mutrikuko olatuen energia planta 2011. urtean jarri zen martxan eta ordutik olatuen energiaren bidez energia elektrikoa etengabe ekoizten duen bakarra da. Gainera, planta hori erreferentziazko saiakuntza-laborategia da, eta azken urteotan turbinen arloan egindako garapen teknologiko nagusiak hartu ditu bere baitan.
